Ostegunean, ekainak 26, Larrabetzuko gaztetxean

Larrabetzuko gaztetxean egongo gara ostegun honetan, 20:00etan, hirukote moduan. Natxo Beltran, baterian; Rafa Aceves, pianoan eta hirurok. Formatu bitxia baina eraginkorra. Bertaratzen direnek, eskaintzen dugun proposamenarekin bat egiten badute, kontzertu ederra izan daiteke. Hurrengo egunean jarriko dugu hemen emanaldiaren nondik norakoak, eta argazkiak eta abarrak. Kontzertuari buruz zeuen ekarpena egin nahi baduzue plazer handiz egingo dizuegu leku bat blog honetan. Ostegunera arte, beraz.

Errealitatea (Azkoitia 2008)

Azkoitiako Baztartxon egindako kontzertuaren lagin pare bat jarriko dizkizuet ondoren. Lotsagabeki. Soinua zuzenean hartutakoa da, ez dago manipulaziorik, konturatuko zarete batzuetan nahasketa pixka bat beharko lukeela, bolumenak disparatu egiten dira, edo instrumentu batzuk lakarregi sartzen. Baina hau da zuzenean jo genuen bezala (aretoan bestelako moduz entzungo zen, noski, presio handiagoz eta doinu beteagoz ziurren), baina honek badauka bizitasun berezi bat, eta instrumentuak, ahotsa, bere soilean oso erakargarriak direlakoan nago. Gainera, Asier Ituarteren tronboia agertzen da diskoan ez dagoen abestietan, eta oso ukitu frantziarra ematen die abestiei, Mercury Rev ere burura ekar dezake bere tronboiaren soinuak zenbait pasartetan, hemen jartzen dizuedan “Autoak goizaldean” bertsioan adibidez. Erreal eta gordin, lotsagabe, disfrutatu.

Bizitza toki ederra:

Autoak goizaldean:

KALDERAPEKON AKUSTIKOAN

Zuzeneko desberdinak daude. Hiru musikarien arteko zuzenekoek badute berezitasun bat: hurbiltasuna. Kantuek euren zola lurtar eta lakarra erakusten dute. Dena da egia. Ez dago artifiziorik. Musika maite duenak estimatzen ditu, ziur asko, honelako hurbiltasuna eta egiatasuna. Bilboko 7 kaletan dagoenKalderapeko tabernan egon ginen, Lizardi mintza-taldeak antolatutako kontzertu gozo batean. Han egon zirenek esango dizute hala izan zela. Zinez.

EITB Kulturan

Marjinalia diskoaren aurkezpena EITB Kultura saiorako. Bilboko taberna batean grabatutako elkarrizketa.

Ridi pagliaccio

Txuma Murugarrenen Marjinalia diskoaren aurkezpen-bideoa. Joseba Larretxe irundarrak egin zuen. Ridi pagliaccio abestia aukeratu genuen horretarako. Getxoko antzokian grabatua 2007ko udan.

Abestiaren hitzak:

Edozein gautan atera daiteke eguzkia. Subjuntiboa mingainean ager daitekeen bezala, itxaropenezko parabolak kontatzeko. Mundua aldrebes egon zitekeen une batez, eta jendeak esan ziezazukeen hara, zu zara, zatoz, zatoz, sartu zaitez deitu gabe eta elkar banatuko dugu daukagun ogi apurra. Marrazki bizidunez jantzita etorriko lirateke beldurrezko pertsonaiak oro: Frankestein edo Drakula, bakoitzak bere alderik samurrenaz. Hara, zu zara, zatoz gurekin, ongi etorri, sartu zaitez eta bizi ezazu gurekin bizitzeko dugun apurra, horixe! Taxian igaro dira neskarik ederrenak, baina ez da azken taxia, beste bat har dezakezu eta horri jarraitu, jostari, (jajaja). Taxi guztiak dira horiak, eta guztietan izango zinateke ongi etorria, ongi etorria. Txanpan botilak irekiko lituzkete auto guztiek aparkatzeko sobera leku daukaten azken toki hartan, itsas ondoan, seguruen, eta han betirako festa, han egongo da aita, bere lagunik onenekin, aria zoragarriak abesten, tabernako bezero guztiak liluratuta utziz. Han egongo da, betiereko festa gozo batean, edozein gautan atera daitekeelako eguzkia.