Entries from Iraila 2008 ↓

BANDERA

Marjinalia diskorako kanta batzuk gelditu ziren kanpoan. Batzuk diskoaren tonuarekin bat ez zetozelako, beste batzuk erabat borobildu ez genituelako eta apunte hutsean gelditu zirelako. Azken kasu horri dagokion kantu bat jarri nahi dizuet gaur hemen. Harkaitz Canoren letra daraman kantua da, eta horren atzean Rafa Aceves zoragarriaren lana entzuten da. Bibolina Rafa Aceves beraren lagun batek jo zuen. Denbora tarte bat utzita, beti gertatzen da, kantuek bestelako dimentsio bat hartzen dute, ederrago iruditzen zaizkizu edo zatarrago. Kasu honetan, berriro entzun dudanean, bere soiltasunean zoragarria iruditu zait, nahiz eta Harkaitzen letrak duen ironia guztiz ez den harrapatzen, ez geniolako bilatu erresoluzio eragingarri bat hori konpontzeko. Beste disko baterako utzi genuen, eta litekeena da hurrengo batean kantu hau oinarri hartuta bertsio beteago bat grabatzea. Nork daki. Badaezpada, hemen jarriko dut, zuen belarriek juzkatzeko. Orain arte, lau lagunek baino ez zuten ezagutzen kantu hau, haien artean Harkaitzek berak, hor nonbait gordea izango du honen kopia bat. Esan behar da, bukatzeko, kantuan dagoen eskusoinuaren linea melodikoa izugarria iruditzen zaidala, eta bere tronpeta, eta amaierako ahotsa… Aupa Aceves, maestro Aceves.

Bandera:

Letra ere jarriko dizuet, Harkaitzen poemaren ironia atzeman dezazuen:

HAIZE EZA REVISITED

Bandera trapu  bat da

haizerik ez badabil.

Ostera haizea dabilenean oso bestelakoak dira gauzak

eta bandera

trapu bat da.

Harkaitz Cano, Norbait dabil sute-eskaileran, Susa (2001)

Bermeon intentsitatez

Bermeoko gaua ona izan zen. Kontzertu indartsua eman genuen. Badira egun bereziak eta asteazkenekoa horrelakoa izan zen. Horren testigantza Joseba Barrenetxeak egin dituen argazkietan ikus daiteke hemen http://www.flickr.com/photos/barrenetxea/sets/72157607247063358/ Eskerrik asko, bide batez, argazki sorta ederrarengatik. Eta eskerrik asko, halaber, bertaratu zineten guztioi. Hurrengora arte.

Bermeora bihar

Bihar, irailaren 10ean, Bermeon egongo gara. Talde osoa, Marjinalia zirkuaren beste eraso batekin. Eguraldiak lagun, gogoa eta energia gure esku. Hantxe ikusiko dugu elkar.

Gordexolan ez ginen egon

Bai, bai, badakit… Ez ginen Gordexolan agertu. Arazoak egon ziren, gaizki-ulertuak, ezin zen kontzertua egin han planteatzen ziguten bezala. Beste baterako izango da. Ez nuen post-a kendu edo berritu kanpoan nengoelako eta ezin izan nuelako, zinez. Kontzertua beste baterako utzi dugu. Barkatu haraino hurbildu zinetenoi.