Lazkao urrun dago Sopuertatik. Gauak luze joko zuelako itxura zeukan, eta ez hain zuzen parrandan. Barruan, eszenatokian, energia atzematen zen, bereziki kontzertuaren azken erdian. Hori da sumatu nuena. Zurrunbilo batean pasa zen kontzertua, han egon zirenek disfrutatu zutela esango nuke, nahiz agian motz samar iruditu (halaxe komentatu zidaten kontzertu ostean hurbildu zitzaizkidan batzuek). Nik, aukeran, motz delako irudipenarekin joatea nahiago izaten dut kontzertu batera noanean. Beste baterako irrika gorde egin behar da. Kontzertua bukatu eta zerbeza bat hartu genuen ondoko tabernan. Han bildu ginen Martin Petrus, alemaniar jator bat, euskal kulturarekin guztiz engantxatuta dagoena (Berlinera jotzera joateko pare bat aldiz proposatu dit honezkero, ia hurrengoan nagia kendu eta onartzen diodan gonbidapena), Xabier Mendiguren, tipo jatorra eta hizketarako gai beti interesgarriak dituena, eta Gaztelupekoko Xarra eta Ubane, aspaldiko lagunak. Himnoei buruz egon ginen hizketan, erdi txantxetan erdi serio. Euskal Herriarentzat ez ezik, inguruko herrialdeentzat ere himno berriak proposatzen egon ginen. Luzaroago gelditzeko gogoa neukan, baina ezin, Lazkao urrun dago Sopuertatik. Kontzertuan ez nintzen bereziki komunikatibo egon, kantuen aurkezpenak eta saltatu nituen, jo nahi nuen, ez hitz egin. Gero, ordea, alderantziz gertatu zitzaidan, baina etxerako bidea hartu behar genuen, eta ezin. Badakizue, beti deslekuan, beti desorduan. Agur bat Amagoia eta lagunei, eta bertan egon zineten guztioi. A, argazkirik ez dago. Badakit batzuek argazkiak egiten egon zinetela eta blog honetatik pasatzen bazarete bidali baten bat, d’akord?
Entries from Uztaila 2008 ↓
LAZKAOKO GAUA
Uztaila 18th, 2008 — Kontzertuak
Bihar Lazkaoko plazan Marginalia
Uztaila 16th, 2008 — Kontzertuak
Oporretatik bueltan, berriz ere martxan hasiko gara. Bihar Lazkaoko plazan egongo gara. Talde osoa. Asier Ituarte, Natxo Beltran, Ekaitz Hernandez, Mikel Ramirez, Rafa Aceves eta guztiok. Gogoz joango gara Lazkaora, gogoz gure proposamena erakusteko, gogoz jendearekin bat egiteko. Egizue bat gurekin, han itxarongo zaituztegu!