Kontzertuak

Bihar Lazkaoko plazan Marginalia

Oporretatik bueltan, berriz ere martxan hasiko gara. Bihar Lazkaoko plazan egongo gara. Talde osoa. Asier Ituarte, Natxo Beltran, Ekaitz Hernandez, Mikel Ramirez, Rafa Aceves eta guztiok. Gogoz joango gara Lazkaora, gogoz gure proposamena erakusteko, gogoz jendearekin bat egiteko. Egizue bat gurekin, han itxarongo zaituztegu!

Jenderik onena

Hasiera gogorra joan zen Larrabetzun. Jendea berandu heldu zen eta kontzertua lau lagunekin hasi genuen. Zail egiten dira horrelakoak, harrijasotzaileari harriaren barrenean berunezko gehigarri bat jarri izan baliote bezala, hala sentitzen naiz batzutan, kontzertu bat egoera horietan altxatu behar denean. Baina pixkanaka girotu ginen guztiok. Larrabetzuko gaztetxera hurbildu zirenak entzulego fin eta entregatua izan zen, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu helarazi ziguten berotasunagatik.

Ostegunean, ekainak 26, Larrabetzuko gaztetxean

Larrabetzuko gaztetxean egongo gara ostegun honetan, 20:00etan, hirukote moduan. Natxo Beltran, baterian; Rafa Aceves, pianoan eta hirurok. Formatu bitxia baina eraginkorra. Bertaratzen direnek, eskaintzen dugun proposamenarekin bat egiten badute, kontzertu ederra izan daiteke. Hurrengo egunean jarriko dugu hemen emanaldiaren nondik norakoak, eta argazkiak eta abarrak. Kontzertuari buruz zeuen ekarpena egin nahi baduzue plazer handiz egingo dizuegu leku bat blog honetan. Ostegunera arte, beraz.

Errealitatea (Azkoitia 2008)

Azkoitiako Baztartxon egindako kontzertuaren lagin pare bat jarriko dizkizuet ondoren. Lotsagabeki. Soinua zuzenean hartutakoa da, ez dago manipulaziorik, konturatuko zarete batzuetan nahasketa pixka bat beharko lukeela, bolumenak disparatu egiten dira, edo instrumentu batzuk lakarregi sartzen. Baina hau da zuzenean jo genuen bezala (aretoan bestelako moduz entzungo zen, noski, presio handiagoz eta doinu beteagoz ziurren), baina honek badauka bizitasun berezi bat, eta instrumentuak, ahotsa, bere soilean oso erakargarriak direlakoan nago. Gainera, Asier Ituarteren tronboia agertzen da diskoan ez dagoen abestietan, eta oso ukitu frantziarra ematen die abestiei, Mercury Rev ere burura ekar dezake bere tronboiaren soinuak zenbait pasartetan, hemen jartzen dizuedan “Autoak goizaldean” bertsioan adibidez. Erreal eta gordin, lotsagabe, disfrutatu.

Bizitza toki ederra:

Autoak goizaldean:

KALDERAPEKON AKUSTIKOAN

Zuzeneko desberdinak daude. Hiru musikarien arteko zuzenekoek badute berezitasun bat: hurbiltasuna. Kantuek euren zola lurtar eta lakarra erakusten dute. Dena da egia. Ez dago artifiziorik. Musika maite duenak estimatzen ditu, ziur asko, honelako hurbiltasuna eta egiatasuna. Bilboko 7 kaletan dagoenKalderapeko tabernan egon ginen, Lizardi mintza-taldeak antolatutako kontzertu gozo batean. Han egon zirenek esango dizute hala izan zela. Zinez.