Aurtengo Korrika Kulturalerako Edorta Jimenezek testu bat atondu du Jon Mirande idazle eztabaidagarriari buruz. Testu jostaria eta garratza da. Gilkitxaro antzerki-taldeak antzeztuko du eta Rafa Acevesek eta biok jarri diogu musika. Kabareteko giroan murgilduta, nola ez, Bob Fose-k 1972an zuzendu zuen filmaren musika erabili dugu sarrerarako. Marlen Dietrich ere izan dugu kontuan Lili Marleen kantuaren bertsioa egiteko orduan. Guk ere kantu pare bat sortu dugu saltsa honetarako. Hemen jarriko dizuedanak, Acevesen musika darama, Jon Miranderen Pigalle poemarekin. Grabazioa momentukoa da, Rafaren etxean di-da batean egindakoa. Ez bilatu soinu kalitate handirik.
Marjinalia diskorako kanta batzuk gelditu ziren kanpoan. Batzuk diskoaren tonuarekin bat ez zetozelako, beste batzuk erabat borobildu ez genituelako eta apunte hutsean gelditu zirelako. Azken kasu horri dagokion kantu bat jarri nahi dizuet gaur hemen. Harkaitz Canoren letra daraman kantua da, eta horren atzean Rafa Aceves zoragarriaren lana entzuten da. Bibolina Rafa Aceves beraren lagun batek jo zuen. Denbora tarte bat utzita, beti gertatzen da, kantuek bestelako dimentsio bat hartzen dute, ederrago iruditzen zaizkizu edo zatarrago. Kasu honetan, berriro entzun dudanean, bere soiltasunean zoragarria iruditu zait, nahiz eta Harkaitzen letrak duen ironia guztiz ez den harrapatzen, ez geniolako bilatu erresoluzio eragingarri bat hori konpontzeko. Beste disko baterako utzi genuen, eta litekeena da hurrengo batean kantu hau oinarri hartuta bertsio beteago bat grabatzea. Nork daki. Badaezpada, hemen jarriko dut, zuen belarriek juzkatzeko. Orain arte, lau lagunek baino ez zuten ezagutzen kantu hau, haien artean Harkaitzek berak, hor nonbait gordea izango du honen kopia bat. Esan behar da, bukatzeko, kantuan dagoen eskusoinuaren linea melodikoa izugarria iruditzen zaidala, eta bere tronpeta, eta amaierako ahotsa… Aupa Aceves, maestro Aceves.
Bandera:
Letra ere jarriko dizuet, Harkaitzen poemaren ironia atzeman dezazuen:
HAIZE EZA REVISITED
Bandera trapu bat da
haizerik ez badabil.
Ostera haizea dabilenean oso bestelakoak dira gauzak
Azkoitiako Baztartxon egindako kontzertuaren lagin pare bat jarriko dizkizuet ondoren. Lotsagabeki. Soinua zuzenean hartutakoa da, ez dago manipulaziorik, konturatuko zarete batzuetan nahasketa pixka bat beharko lukeela, bolumenak disparatu egiten dira, edo instrumentu batzuk lakarregi sartzen. Baina hau da zuzenean jo genuen bezala (aretoan bestelako moduz entzungo zen, noski, presio handiagoz eta doinu beteagoz ziurren), baina honek badauka bizitasun berezi bat, eta instrumentuak, ahotsa, bere soilean oso erakargarriak direlakoan nago. Gainera, Asier Ituarteren tronboia agertzen da diskoan ez dagoen abestietan, eta oso ukitu frantziarra ematen die abestiei, Mercury Rev ere burura ekar dezake bere tronboiaren soinuak zenbait pasartetan, hemen jartzen dizuedan “Autoak goizaldean” bertsioan adibidez. Erreal eta gordin, lotsagabe, disfrutatu.