BANDERA

Marjinalia diskorako kanta batzuk gelditu ziren kanpoan. Batzuk diskoaren tonuarekin bat ez zetozelako, beste batzuk erabat borobildu ez genituelako eta apunte hutsean gelditu zirelako. Azken kasu horri dagokion kantu bat jarri nahi dizuet gaur hemen. Harkaitz Canoren letra daraman kantua da, eta horren atzean Rafa Aceves zoragarriaren lana entzuten da. Bibolina Rafa Aceves beraren lagun batek jo zuen. Denbora tarte bat utzita, beti gertatzen da, kantuek bestelako dimentsio bat hartzen dute, ederrago iruditzen zaizkizu edo zatarrago. Kasu honetan, berriro entzun dudanean, bere soiltasunean zoragarria iruditu zait, nahiz eta Harkaitzen letrak duen ironia guztiz ez den harrapatzen, ez geniolako bilatu erresoluzio eragingarri bat hori konpontzeko. Beste disko baterako utzi genuen, eta litekeena da hurrengo batean kantu hau oinarri hartuta bertsio beteago bat grabatzea. Nork daki. Badaezpada, hemen jarriko dut, zuen belarriek juzkatzeko. Orain arte, lau lagunek baino ez zuten ezagutzen kantu hau, haien artean Harkaitzek berak, hor nonbait gordea izango du honen kopia bat. Esan behar da, bukatzeko, kantuan dagoen eskusoinuaren linea melodikoa izugarria iruditzen zaidala, eta bere tronpeta, eta amaierako ahotsa… Aupa Aceves, maestro Aceves.

Bandera:

Letra ere jarriko dizuet, Harkaitzen poemaren ironia atzeman dezazuen:

HAIZE EZA REVISITED

Bandera trapu  bat da

haizerik ez badabil.

Ostera haizea dabilenean oso bestelakoak dira gauzak

eta bandera

trapu bat da.

Harkaitz Cano, Norbait dabil sute-eskaileran, Susa (2001)

iruzkin 1 ↓

#1 Marti(n) on 2008, Iraila, 24 - 9:38 pm

Ez du askoz ere artifizio gehiagorik behar. Dagoenetan ederra da.
Dut-en “haize eza” gogoratu dit, “at” diskoan argitaratua eta egun Anarik zuzenean jotzen duena. Hango hartan letra Martxel Mariskalena zen eta ironiatik gutxi zuen.

 

Utzi zure iruzkina