“b aldeko kantu horiek, irratian entzuten ez direnak,
belarriak zikintzen dituztenak.
Alde ilunekoak gara, atzeko gelaxkan gorde zirenak,
ez gara ederrak, jendeak ez gaitu maite
eta min egiten dugu kantatzean…”
Hilabete honen amaieran diskoaren “make off”-a jarriko dugu hemen eta Youtuben, eta diskoa kaleratzen denerako bideo pare bat ere egina nahiko genituzke (ikusiko dugu). Diskoa egiteko orduan, 60-70 hamarkadetako singelak izan ditut buruan, B aldeak, jakina, beti gustatu izan zaizkit gehiago B aldeak A aldeak baino, hit baten arrakastaren azpian ahaztuta gelditzen ziren kantu minberati eta ahulak, horiek maite nituen gehien, eta uste dut bide horretatik joan direla nire kantuak, B aldeko kantu arrakasta gabe horiekin zerikusi handia daukate. Hauek ere bai, kantu eder baina zorte txarrekoak. Entzun ondoren esango didazue.
Disko berrirako abestiak bildu ditut jada, eta orain haien artean entresaka egiteko garaia heldu da. 15 kantu daude lehian, horietatik 10 bat joango dira diskoan. Maketa etxean grabatu ostean bandarekin egin ditugu lan-saioak, eta martxoaren 22ko astean azken lau entseguak egin ostean, 26an sartuko gara grabatzera “Lamiñak producciones” estudioan, Lastra soinu-teknikariarekin. Saltsa horretan, Rafa Aceves (teklak), Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Rueda (gitarra), Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua) eta Asier Ituarte (haizeak) bilduko gara diskoa atontzeko.
Aurtengo Korrika Kulturalerako Edorta Jimenezek testu bat atondu du Jon Mirande idazle eztabaidagarriari buruz. Testu jostaria eta garratza da. Gilkitxaro antzerki-taldeak antzeztuko du eta Rafa Acevesek eta biok jarri diogu musika. Kabareteko giroan murgilduta, nola ez, Bob Fose-k 1972an zuzendu zuen filmaren musika erabili dugu sarrerarako. Marlen Dietrich ere izan dugu kontuan Lili Marleen kantuaren bertsioa egiteko orduan. Guk ere kantu pare bat sortu dugu saltsa honetarako. Hemen jarriko dizuedanak, Acevesen musika darama, Jon Miranderen Pigalle poemarekin. Grabazioa momentukoa da, Rafaren etxean di-da batean egindakoa. Ez bilatu soinu kalitate handirik.
Sestaon egin dugun kontzertuan aspaldiko lagun bat ikusi dut. 86an egin genuen erakusketa baten esku-orria eman dit eta harrituta gelditu naiz horrelakorik oraindik gorde izanagatik. Kultur sustatzaile dabil, eta hizketan egon gara kontzertuaren ostean.
Euskal Herrian formatu txikiak direla hobekien mugitzen direnak, esan dit. Banekien. Talde batean aritzetik bakarka aritzera doan pausuak badu zerikusia horrekin. Talde batek arazoak ditu gaur egun hainbat lekutan jotzeko, dela diru eskasiagatik, dela espazioagatik, dela eskakizun teknikoengatik, taldeak nekez mugitzen den egitura astuna dauka. Bakarka gabiltzanok molda gaitezke. Gaur bi musikarirekin, bihar bostekin. Errepertorioa moldatu eskaintza birentzat eta aurrera. Bakarka aritzen hasten zarenean, heldutasun kontua dela irizten diote kazetari anitzek. Uste dut hori bigarren mailakoa dela. Heldutasun hori taldean arituz ere lor daitekeelakoan nago. Zerikusi handiagoa dauka zirkuituarekin.
Nire lagunarekin hizketan, ekarri dugu gogora nola Flores uharteetan gizaki nano baten hezurdura topatu zuten. Teoria batzuen arabera, gizaki hori ez zen nanoa, alegia, ez zeukan inongo malformaziorik. Uharte batean bizi izateak dakartzan nolakotasunek behartuta urteetan txikituz joan zen gizakia omen zen. Borneo uharteetan, antza, bada elefante txiki bat irlak eman dezakeen janari urriarekin bizirauteko tamaina txikitu behar izan zuena. Eta bitxia da gai biren artean dauden antzekotasunak. Hemen, Euskal Herrian, nanizazio kultural bat ez ote den gertatzen ari galdetu diogu gure buruari lagunak eta biok, kontzertura joan diren hogei ikusleak ateratzen ari ziren bitartean.
Hamarretan hasten zen kontzertua eta ni hamarrak laurden gutxitan ailegatu nintzen. Kalkulo arazoak. Hasiera ezohikoa izan zen, beraz, baina lagunarte gozoan geundenez horrek ez zuen axola. Emanaldia txikitik handira joan zen, intentsitatean irabaziz. Une gogoangarriak egon ziren. Ordiziako publikoa gustura egon zen eta konplizitate puntu ederra hartu genuen atzoko arratsean. Koruak egin zizkidaten, debalde, eta Joxefina Armendariz Oletaren istorioa kontatu nuenean, irriz ikusi nuen jendea, “hi haiz hi, alua!” esaten arituko balira bezala. Xumearekin bukatu genuen, emanaldi xumea izan zelako, bere xumetasunean handia. Etxerako bideak luze jo zuen, Coralie Clement izan nuen cd irakurgailuan, gozo abesten, belarrira kantatuko balit bezala, horrelako zerbait izan zen Ordizian eman genuen kontzertua ere, hurbil hurbila. Eskerrik asko bertan bildu zineten guztioi eta eman zeniguten harrera gozoagatik. Biba zuek!
D’Elikatuz zentroan egongo gara formatu akustikoan, Ordizian, beti bezala, gogoz eta ardura pixka batekin. Honen emaitza kontzertu ondorengo egunetan idatziko dut hemen. Ordizian edo inguruan bazaude, heldu eta egin bat gurekin.
Marjinalia diskorako kanta batzuk gelditu ziren kanpoan. Batzuk diskoaren tonuarekin bat ez zetozelako, beste batzuk erabat borobildu ez genituelako eta apunte hutsean gelditu zirelako. Azken kasu horri dagokion kantu bat jarri nahi dizuet gaur hemen. Harkaitz Canoren letra daraman kantua da, eta horren atzean Rafa Aceves zoragarriaren lana entzuten da. Bibolina Rafa Aceves beraren lagun batek jo zuen. Denbora tarte bat utzita, beti gertatzen da, kantuek bestelako dimentsio bat hartzen dute, ederrago iruditzen zaizkizu edo zatarrago. Kasu honetan, berriro entzun dudanean, bere soiltasunean zoragarria iruditu zait, nahiz eta Harkaitzen letrak duen ironia guztiz ez den harrapatzen, ez geniolako bilatu erresoluzio eragingarri bat hori konpontzeko. Beste disko baterako utzi genuen, eta litekeena da hurrengo batean kantu hau oinarri hartuta bertsio beteago bat grabatzea. Nork daki. Badaezpada, hemen jarriko dut, zuen belarriek juzkatzeko. Orain arte, lau lagunek baino ez zuten ezagutzen kantu hau, haien artean Harkaitzek berak, hor nonbait gordea izango du honen kopia bat. Esan behar da, bukatzeko, kantuan dagoen eskusoinuaren linea melodikoa izugarria iruditzen zaidala, eta bere tronpeta, eta amaierako ahotsa… Aupa Aceves, maestro Aceves.
Bandera:
Letra ere jarriko dizuet, Harkaitzen poemaren ironia atzeman dezazuen:
HAIZE EZA REVISITED
Bandera trapu bat da
haizerik ez badabil.
Ostera haizea dabilenean oso bestelakoak dira gauzak
Bermeoko gaua ona izan zen. Kontzertu indartsua eman genuen. Badira egun bereziak eta asteazkenekoa horrelakoa izan zen. Horren testigantza Joseba Barrenetxeak egin dituen argazkietan ikus daiteke hemen http://www.flickr.com/photos/barrenetxea/sets/72157607247063358/ Eskerrik asko, bide batez, argazki sorta ederrarengatik. Eta eskerrik asko, halaber, bertaratu zineten guztioi. Hurrengora arte.
Bihar, irailaren 10ean, Bermeon egongo gara. Talde osoa, Marjinalia zirkuaren beste eraso batekin. Eguraldiak lagun, gogoa eta energia gure esku. Hantxe ikusiko dugu elkar.